2010/01/25

Ahoa zabaldu orduko...

Ahozko jardunak berezko ezaugarriak ditu. Hona hemen zenbait material interesgarri hura lantzeko.


BAT

EGA: Ahozko Probaren simulazio bideoa Maite Goñi eta Euskaljakintza team-ek prestatu duten bideoa da. EGA azterketaren simulazioa egin dute bakoitzak bere papera hartuta.





BI

Joxerra Garziaren Jendaurrean hizlari liburuan aurkitu ditugu gauzak eraz esateko gaitasuna hobetzeko landu beharreko alderdiak:

1. Ebakera.
Hitzak egoki ebaki ezean, huts egingo dizu komunikazioak. Komunikazio egoeraren arabera ebakera zainduagoa edo utzixeagoa izango da, baina egoera formaletan ebakera bereziki zaindu beharko da.

ARIKETA:
Bolaluma trabes. Sartu bolaluma bat ahoan zeharka jarrita, ahalegindu testu bat errime irakurtzen, mihia bere lekura eramanez. Hizlari trebatuenek ere egiten omen dute ariketa hau.
Aho-korapiloak. Egunero aho-korapiloak esanez gero, denborarekin dezente hobetzen da.

2. Intentsitatea:
Dezibelio kontua da intentsitatea. Hartzaileak nolakoak diren eta zenbat diren, egokitu egin behar duzu bolumena. Beti indar beraz hitz egiten baduzu, aspertu egingo dituzu; intentsitatea aldatzen baduzu, berriz, behar denean ahotsari indarra emanez eta behar denean indarra leunduz, erneago izango dituzu.

ARIKETA:
Lehenbizi, hitz egin ahal duzunik eta ozenkien, eta, ostean, ahal duzun apalen. Muturreko intentsitaterik ia inoiz erabiliko ez baduzu ere, ariketa ona da ozen hitz eginda eta apal hitz eginda zer lor dezakezun ikusteko.

3. Lastertasuna:
Mantso zein azkar esan, horretan dago gakoa. Ez dago Lastertasun idealik. Hartzailearengan eragin nahi duzunaren arabera, azkarrago hitz egin beharko duzu batzuetan eta motelago besteetan. Zure gogo aldartea edozein dela, hartzaileei zer sentiarazi nahi diezun izan behar duzu gogoan.

ARIKETA:
Hartu albiste bat, eta grabatu irratiko esataria izango bazina legez. Lehen saioan egin zeure berezko erritmoan; bigarrenean, bost segundo mantsoago, intonazioa galdu gabe; hirugarrenean, lehen saioan baino bost segundo azkarrago, beharrezko etenak eginda. Ostean, entzun hiru saioak. Zein iruditu zaizu txukunena? Azkar edo mantso hitz egiteagatik desitxuratu egin dituzu ebakera, intonazioa eta gainerako alderdiak?

4. Tonu-intonazioa:
Nork bere tonua du (izan daiteke behekoa edo goikoa). Hala ere, esaten denaren arabera igo edo jaitsi egiten dugu. Goiko tonuak pozaldiarekin identifikatzen dira, adibidez. Intonazioari dagokionez, bat-batekoan ez dago arazorik; bai, ordea, idatzizkoa ahots gora irakurtzean; testua ondo ulertu beharra dago intonazio egokia emateko.

ARIKETA:
Erosoen zer tonutan zabiltzan ikusteko, hartu esaldi bat, eta errepikatu goitik eta behetik. Zein da zure tonua, goikoa ala behekoa?

5. Pausa-isiluneak:
Arnasa hartzeko ezinbesteko diren etenaldiez gain, pausa erretorikoak egin behar dira. Ezinbestekoa da ordea, intonazio egokian etetea jarduna, intonazioak adierazten baitio entzuleari esaldia ez dela oraindik amaitu. Hala eginez gero nahi adina luza daiteke isilunea.

ARIKETA:
Mintzaldi barruan isiluneak egin nahi badituzu, pentsatu noiz egin, eta markatu testuan (/ isilune laburra; / / isilune luzea; / / / isilune luze-luzea); horrela, ez duzu huts egingo.



HIRU

EUSKADI IRRATIA EHUaren Euskarazko II Eztabaida Txapelketa, hirugarren eztabaida 2012-API.-08 

Gaia: "Ordutegi askatasuna egokia al da euskal denda sarearentzat?". 


Hirugarren eztabaida:
EHUko taldea [Manex Elortza, Arkaitz Antizar, Ioritz Iglesias, Oihana Ezkerro, Aiora Salegi], aldeko jarrera.
Mondragon Unibertsitatea [Iñaki Badiola, Endika Ruiz de Samaniego eta Jon Iraola], kontra.