Aspaldi, artean gazte eta berde ginela, erretrato bat egitera hotsegin ziguten eskola ttikian genbiltzan guztioi.
Bernardo Atxaga. Obabakoak.
Ipuingintzari buruz ezagunak diren zenbait teoria ekarri ditugu lerrootara lagungarri izango zaizkizulakoan.
Ricardo Piglia idazleak dioenez, ipuinak bi istorio kontatzen ditu beti:Ipuin klasikoak (Poe, Quiroga...) egitura itxia du: hasiera, garapena eta amaiera. A istorioa kontatzen du lehen planoan eta sekretuan eraikitzen du B istorioa. Ipuingilearen sekretua da B istorioa A istorioaren harilduran zifratzen jakitea. Agerian den kontakizun batek era eliptikoan eta zatikatuan ematen den kontakizun sekretua gordetzen du, eta istorio sekretua ustekabean ageriko da azalera ipuinaren amaieran. Istorio sekretu hori da ipuinaren formaren gakoa.
Ipuin modernoak, berriz, (Chejov, Aderson...) albo batera uzten ditu ipuinaren egitura itxia eta ustekabeko amaiera. Bi istorioen arteko tentsioa lantzen du, baina istorio sekretua gero eta lausoagoa da. Poeren ipuin klasikoak istorio bat kontatzen du beste bat ere badela iragarriz; ipuin modernoak bi istorio kontatzen ditu bakarra balitz bezala. Hemingway-k icebergaren teoria aipatu zuen: garrantzitsuena sekula ez da kontatzen, istorio sekretua esaten ez denarekin eraikitzen da.
Karlos Linazasoro, Zer gerta ere, Berardo L.-ren nobela bukatu gabea, Alberdania, 1994, 113-114. orr.
GAUAREN ERTZEAN
Gauaren ertzean telefonoaren txirrin asaldagarriak esnatu zuen. Ordua begiratu zuen izulaborriz, ahoa lehor. Lau eta erdiak ziren eta euria ari zuen goran-beheran. Entzungailua hartu zuen, zalantza unerik gabe, esku dardariz. Ahots neutro ezezagun batek hitz egin zion: ' Ameskaizto bat da hau. Hil egingo zaitut'. Moztu egin zuen ondoren, azalpen bestelakorik gabe. Gizona, entzungailua eskuan, pentsakor gelditu zen. Kabalak egin zituen, balizko arrazoiak aztertu: ez zeukan areriorik, ameslari kaxkarra zen. Irribarre egin zuen. 'Nahaste bat izan da. Ez naiz ni noski bere biktima' esan zuen bere artean, komuneranzko bidean. Ur pixka bat edan zuen iturritik, oheratu egin zen atzera. Lasai zegoen jada, sosegu batean. Euri hotsak patioko uralita gaina gogor astintzen zuen, kadentzia monotono eroriz. Gizona istant batean lokartu zen. Sakon egin zuen lo, gauero bezala, iratzargailuak goizeko zortzietan esnatu zuen arte. Begiak ireki zituen, besoak eta hankak luzatu, aharrausi egin zuen ozen, delektazioz. Euria ari zuen oraindik kanpoan. Gizonak, inkontzienteki bezala, ohearen berotasun hartan babesturik, atzeratu egiten zuen jaikitzeko unea. Susmoak inguratu zitzaizkion orduan, ebidentzia anker eta azkena. Indarrak bildu, begiak igurtzi (esperantza ahulez), jaiki egin zen. Ispilura bertaratu zen lehenik, oinak otzan lerratuz. Argia piztu, ispilu aurrean plantatu zen: irribarre bat, bizar itzalak, begi lausoak, tiro bat kopetan, bete-bete.
Kurt Vonnegut idazleak ipuina idazteko 8 arau hauek utzi dizkigu:- Arrotz baten denbora erabiliko duzu: ez dezala pentsa alferrik galdu duela.
- Emaiozu irakurleari bere burua islatuta erakutsiko dion pertsonaia bat gutxienez.
- Pertsonaia orok zerbait desio behar du, baso bete ur besterik ez bada ere.
- Esaldi orok honako bi gauzetako bat egin behar du, edo biak: pertsonaiaz argibideak eman edo ekintza abiarazi.
- Hasi ahalik eta amaieratik gertuen.
- Izan zaitez sadikoa. Ez dio axola pertsonaia nagusiak zein goxo eta errugabeak diren, gorriak ikusaraz iezazkiezu, irakurleak barruan zer duten ikus dezan.
- Pertsona bakarrarentzat idatzi. Hala eginda jende guztia liluratuko duzulakoan leiho bat zabaltzen baduzu, marrantak jota geldituko da zure ipuina.
- Eman irakurleei ahal beste informazio ahal bezain azkar. Pikutara suspensea. Irakurleek halako moldez jakin beharko lukete zer, non, zergatik gertatzen ari den, ezen, sitsak azken orriak jango balitu ere, gai izan beharko luketen euren kabuz ipuina amaitzeko.
Orain mikroipuina idatziko dugu. 300 hitz gehienez. Neurri horretan ahal den gauza gehien kontatzen saiatu behar duzu.
Anjel Lertxundik ipuin hasiera hau eman zuen behinola jendeak amaiera eman ziezaion. Egoerara egokituta antzeko hasiera eman diezaiokezu zeure ipuinari.
Orain hogeita bost urte Mariak okerreko autobusa hartu zuen eta, ustez hiri batera zihoalakoan, justu beste puntako batera iritsi zen. Hamalau urte zituen, baina hemezortzi urtetik gorako neska baten itxura. Ez zuen inor ezagutzen, ez zekien hiri jendetsu hartako hizkuntza, bi egunetarako diru doia zuen. Distantzia oro isiltasunaren iturria baita, neskak senideen artera itzuli nahi zuen, ohiko kaleetara, bere hizkuntzaren doinura...