BAT

Joanes Elizalde lapurtar idazleak Lehen Mundu Gerra ezagutu zuen bertatik bertara Frantziako armadan aritu baitzen, eta hainbeste gazte euskalduni bizia eraman zion gerra haren testigantza jaso zuen zenbait testutan. Asisko Urmenetak iruditara ekarri digun bezala, gerraren hondamendia eta angustia azaltzen dira istorio horietan. Hona hemen lagin bat.
Agorrilaren hogoita hiruan ethorri zitzaion manua, eta Berrogoita Hamazazpigarrena berehala zabaldu zen landa handi batzuetan. Fontaine-Valmont delako herrixkan gelditu ginen geroni, elizaren inguruetan, xixpa puntaraino kargatua, nor nundik agertuko zen. Thuin begien bixtan ginuen eta jada hango karriketan tiro bakhar batzu adi zitazken. Etzen oraino lotsatzekorik. Irri egiten ginioten ere, han nunbeit, airean zapartatzen ziren aleman obusa batzueri.
Irriak sartu ziren haatik betbetan xara batetik gainerat ethorri zitzaukun tiro parrapatarekin! Hain xuxen, largabixtak begietan, xokho batean xutik zagon kapitain bat, tiro batek kopetaren erdian atxemanik, zabal-zabala erori zen, hila, doidoia oihu bat eginik: Haurrak, gorde ongi! Berrogoita Hamazazpigarreneko lehen hil maitea, geroztik gure ondoan hil diren aintzindari eta soldado gutiz-gehienen izenak ahantzixeak balinbaditugu, zurea sekulan ez dugu ahantziko: bethi odolezko hitzez nun-nahi gure begiek eta gure bihotzak irakurtuko dute: Constans!Constans kapitaina erortzen ikustearekin, alemanek uste izan zuketen aintzindari guzietan handiena hil zaukutela eta lotsatuak ginela. Kantuz eta irrintzinaka xarako zuhaitz guzien gibeletik atheratzen ikusi gintuen guri buruz abiatzeko, beren gapelu gris marra gorriekin. Gainerat igorri ginioten ximixtarekin, etziren nahi baino lasterrago sartu berritz beren xaran! Hola egiten dire gerlako aprendizkoak. Guk ere arratsalde hartan egin behar gintuen!
Gure koronelari iduritu othe zitzaion xara hartan etzela aleman hainitz? Ez dakigu. Bortzgarren konpainiari manatu zion bethi zoala baionetekin xaratik alemanen fueratzerat! Gure lagun gaixoak abiatu ziren eta alemanetarik berehala ukhan guk doidoia emana giniotenaren ordaina: tirokaldi bat ikaragarria.
Jo handik, jo hemendik, alemana aintzinatzerat ez uzteko gure bothere guziez bermatu ginen oro, handik goiti, eta arratsalde apalak leku bertsuetan atxeman gintuen, elgarretarik bizpahirur ehun metretan.
(...) Bizi berri baten hasterat ginoazin. Gerlan ibili direnek badakite zer izan den: sathorraren bizia. Sathorra noizetik noizerat lurpetik menturatzen da kanporat: ez gindauzken bethi lurpean gu ere: atheratzen ginen arteka. Hola ezagutu ditugu Cuiry-les-Chaudardes, Concevreux, Blanc Sablon, Maizy, Beaurieaux, Glennes, Meurival. Herri hautan hartzen ginuen hatsa. Bereziki Meurival delako herrirat zer atseginarekin joaiten ginen! Han baziren orduan bospasei aphez eskualdun, batzu bertzeak baino maitagarriago: etzakiten zer egin guretzat. Bat Azkaraten erretor da egungo egunean: bertze bat irakasle edo holako zerbeit Miarritzen. Gaineratekoak hil othe ziren? Dena dela begietarik galduak baditugu, ez ditugu ahantziak ez ahanztekoak...
(...) Kaskoinek bazuten beren jostalekua phentze handi batean eta noiz-nahi han ikusten gintuen foot-ball delako joko basan, galtza motz batzu soinean, odoletan ari. Eskualdunek pilota maiteago dugu eta gure plaza baginuen etxe baten kontra. Ez dugu segurki behin ahantziko nola egun batez, Salaberry bildoztar eta Castagnet Lekunberrikoarekin geroni ari ginelarik, obusa ikaragarri batek lastersko lekhuak hutsarazi zauzkun!
Ihiztariek berek bazuten nun josta. Elizaren puntako gurutzearen puntan bazen burdinazko oilar bat, haizea norat zoan irakusteko. Nork konda ihiztariek igorri ziozkaten tiroak! Biga bazituen triparen erdian: Gantchume Senpereko ihiztari famatu batek emanak zituela erraten zuten. Baditake.
(...) Baitire erraten dutenak egungo egunean ez dela gehiago mirakuilurik ikusten, gu bezala Verduneko ifernuan sartu balire eta handik erre gabe atheratu, ez litazke hola mintza! Guk eta gure lagun batzuek zango-besoak oraino ukhaitea, horra mirakuilua!
(...) Agorrilaren hogoita zortzian atsegin handirekin ikasirik Italia gure alde gerlan sartu zela, paper muthur batzu harri batzueri lothurik, berehala besainka, hek ere ikas zezaten, igorri giniozkaten alemaneri. Alemanez emana ginioten berria. Ez du iduri hainitz lotsatu zirela, eta frantses ederrenean badakizue zer ihardetsi zaukuten bide beraz? «Hemendik goiti ez du balioko bururik hauts dezazuen guri berrien alemanez igortzeko: frantsesa ere badakigu». Zer musikariak! Bainan heien musikak bezenbat harritu gintuen aleman batek harria guk bezen urrun igortzeak!
(...) Ondikotz, Berrogoita Hamazazpigarrenean ez ginen gehiago hiruzpalau ehun gizon baizik gelditzen! Gure hiletan bazen bertze aintzindari eskualdun bat: P. B. Montalibet. Mauletarra zen. Delako zimentazko geriza hetarik baten aintzinean hil zaukun, hango aleman guziak kalitu ondoan. Laster ikharagarriko etsai tropa batek inguratu zuen haatik: etzuen amor eman nahi izan: grenada bat eskuan zeraukan oraino, biharamunean han iragan ginelarik. Heriotze ederra aintzindari batentzat!
Hiztegiaaitzindari
arteka
besainka
bezenbat
geroni
hasterat
hek
hemendik goiti
hetarik
ihardetsi
kalitu
lastersko
lekhuak hustu
lotsatu
menturatu
noizetik noizerat
ondikotz
oraino
phentze
xixpa
zapartatu
Stanley Kubrick zinegileak ere lehen mundu gerran girotu zuen Paths of glory filma. Gerra eta gizatasuna elkarrekin lehian. Filmaren azken sekuentzian soldaduak borroka latzen ostean atsedenean dira...
BI
P. Delpech jauna mintzo da Euskadi Irratitik jasotako irrati saio honetan.
Bigarren Mundu Gerran preso hartu zuten lapurtar honek gerraren arrazioiak zeintzuk izan ziren azaltzen ditu.
HiztegiaAnimale
Armistiza
Arras
Atxiki
Baitezpada (derrigorrez)
Bertute
Fitsik
Gibelka
Gosturan
Herra
Ikaragarrikeria
Jazartu
Jinkua
Kondizione
Maleruski
Manera
Pareta
Populu
Sos
Urguilu
Zanpaka
Zeri buruz
Egunkarian, berriz, honako artikulu hau argitaratu zuen Eneko Bidegainek. Andre Izagirre eta Mari-Jeanne Olzomendi lapurtarrek alemanen gatibu erori ondoren sufritu zituztenak kontatzen ditu.
HIRU
Aljeriako Gerra (1954-1962) izan da Frantziak egin duen azken gerra handia. Hemen ere euskaldunak izan dira tartean. Gutxitan entzun ditugu tortura lekukotzak torturatua ez beste norbaiten ahotik. Hemen duzu Aljeriako Gerran bizitakoez Xipri Arbelbidek utzitako pasartea:
Euskaldunak Aljerian
Xipri Arbelbide, 2003.
Aldi bat gertatu zait Slimane torturatzen ikustea. Almadi bakar bat. Ez gehiago. Ez dut ahanztekoa. Gizon bat hartua genuen operazione batean, FLN-en zergen biltzailea, ziotenaz. Abereki buluzi zuen han berean. Buluz gorri. Bagenituen aitzur giderrak. Belaunen azpitik ezarri zion gider hori, kokoriko eman arazi ondoan, belaunak zabaldurik, barrabilak ontsa gibelera agertzeko gisan. Ez baitziren aski ageri, ziri batekin pusatu zituen beheiti. Gero besangoak gibeletik pasa eta esteka. Ur zegotra batzu ixuri ondoan, pintxeta batzuekin eletrika ezartzen zuen koskoletan. Lurrak iduri zuen osina eta gizona ihalozka ari zen zerri bat lohian bezela. Gero joka hasten zitzaion, muturrean edo non nahi. Muturrekoak, ostikoak, futbalariek balona joiten duten bezela. Ondotik zigarreta pitz eta barrabiletan hil. Berriz pitz eta berriz hil, geldi geldia ari zen. Ez dut uste izigarriagokorik asma diteken. Gider hura han baitzen, hartarik har eta hantxetan hara mustupila igor. Beste aitzur gider bat har eta jo... Nahi zuenak lagun zezakeen.
-Ez jo buruan, hilen duzue. Non nahi bainan ez buruan.
Gillo Pontecorvoren Aljereko bataila filmarekin akordatuko zinen agian goiko lerrook irakurrita.